XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hezkuntzaren eraginkortasuna eta irakaskuntza elebiduna Euskal Herrian

Batzuetan zorionez, eta beste batzuetan zoritxarrez, azken urteotan irakaskuntza elebiduna eta beraren balioa izan ditugu protagonista euskal gizartean eta komunikabideetan, batez ere, irakastereduak abian jarri zirenetik.

Eztabaida politikoa eta horrek gizartean izan duen eragina alde batera utzirik, beharrezkoa zirudien gai horien gainean azterketa sakona egitea eta irakaskuntza elebidunera ikerketa enpirikoen bidez inguratzea.

Horrenbestez, ikuspuntu zientifikorik eza asetzeko, oso lagungarriak dira beste zenbait herri elebidunen esperientzia; eta baita hainbat eta hainbat ikerlari batez ere unibertsitatekoak arlo horretan egiten ari diren ahaleginak ere.

Hori horrela, era horretako ikerlanak ezagutzera ematearen beharra ikusi zuen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP); hortaz Doktoradutza-tesiak izeneko bilduman, eta Hezkuntzaren eraginkortasuna eta irakaskuntza elebiduna Euskal Herrian izenburupean, euskararen normalkuntzarako baliogarri izan daitezkeen bost ikerlan bildu ditu.

Liburuaren hitzaurrean Peru Bazako HAEEko zuzendariak esaten duen bezala, argitalpen hori lehenagoko ahaleginen ondorio da, hau da, euskararen normalkuntzarako egiten diren ahaleginak, bai hezkuntza-sistemaren ataletan, bai ardura hori duten herri-administrazioetako sailetan, bideratu eta, ahal dugun neurrian ondo bilbatu nahi izan ditugu sare bakar batean.

Editoreen ikuspuntua

Itziar Idiazabal eta Antton Kaifer izan dira argitalpenaren arduradunak.

Euren esanetan, liburuaren helburua Euskal Herrian irakaskuntza elebidunari buruz egin diren zenbait ikerketa ezagutaraztea da, bi irizpide lagun:

1.- Irakaskuntza elebidunaren eta eskolako emaitzen artean dagoen erlazioari buruzko informazioa ematea.

2.- Bereziki, gure hezkuntza-sistema aztertzeko landu den metodologia erakustea.

Editore biek ondorengo hau adierazten dute jarraian:

Euskal sistema elebidunaren iharduera eta emaitzak hobeto ezagutzeak gizartearen interesa pizten duenez, eta hautatutako tesien metodologiazko eta kontzeptuzko ekarpenak interes horri erantzuten diotela kontuan izanik, egokia iruditu zaigu doktoradutza-tesiak zabaltzerakoan normala dena baino modu eskuragarriagoan eta monografia itxura handiagoa emanaz aurkeztea.

Ikerketa gauzatzeko aukeratu diren tesiek irakaskuntza eta elebitasunaren arteko erlazioa dute aztergai: hori guztia, alderdi askotatik.

Horrela, Jasone Cenoz-en tesiak haur elebidunek eta elebakarrek ingelesa nola ikasten duten aztertu du.

Maria Jesus Espi-k, bere lanean, bigarren hizkuntza ikastean, hizkuntza hori Autonomi Elkartekoa izan (euskara) edo atzerrikoa izan (frantsesa edo ingelesa), dauden aldeak aztertu ditu.

Bilduma DOKTORADUTZA-TESIAK

Hezkuntzaren eraginkortasuna eta irakaskuntza elebiduna Euskal Herrian

Editoreak: I. Idiazabal ampamp; A. Kaifer